Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44

KORRIKA Yukatango maien delegazio batekin bildu da

KORRIKAko eledunak Yukatango maien delegazio batekin bildu dira, esperientziak partekatzeko xedearekin. 

Garabide Elkartearen bitartez etorri dira Euskal Herrira. Argi dute maia hizkuntza gutxituaren kontzientzia piztu behar dutela; eta euren hizkuntzari eusteko eta babesteko ekimen bat egin nahi dute. Horregatik bildu nahi izan dute AEK-KORRIKArekin, Euskal Herriak euskararekin duen esperientzia zuzenean ezagutzeko, erakundearen lan egiteko moduaren eta KORRIKAren nondik norakoen berri izateko.

Yukatanen ere HARRO HERRI!!

KAKA proiektuak irabazi du AEK-KORRIKAko II. Kultur Sorkuntza Beka

Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizolaren KAKA proiektuak erdietsi du beka, eta goizean, Bilboko prentsaurrekoan, “komedia ganberro eta probokatzaile” horren gaineko azalpenak eman dituzte. Gai aldetik, tabuen gainean jardungo du dihardu nagusiki; ohi bezala, 24. KORRIKAko egitarau kulturalaren barruan aurkeztuko da.

24. KORRIKA Kulturalak badu, dagoeneko, ekitaldi nagusia: KAKA. Gaur goizean aurkeztu dute AEK-KORRIKAko II. Kultur Sorkuntza Bekako irabazlea, Bilboko Zazpi Kaleetako Bira Tabernan. Esan legez, beka horrek taxutzen du KORRIKA Kulturalaren egitasmo nagusia, eta 23.000 euroko aurrekontua du. Haren bidez, euskal kulturatik sortutako euskarazko ekoizpenak bultzatzea du helburu AEK-KORRIKAk.

KAKAren ordezkari gisa, Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktore nagusiek hartu dute parte agerraldian, Ane Elordi KORRIKAko arduradun nagusiarekin batera. I. Bekaren irabazleak ekarri ditu gogora Elordik, balantzea eginda: “Balorazio positiboa egin dugu, milaka herritar gerturatu dira Badon ikuskizun berritzailea ikustera, eta aurrerantzean ere ziur ibilbide oparoa izango duela”.

Epaimahaia Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak osatu dute, eta, Elordik azaldu duenez, ondoko hauek izan dira, aurkeztutako 14 proiekturen artean, Kaka saritzeko arrazoiak: Euskal Herri osorako ikuskizuna izatea, euskaradunentzat zein ikasten ari direnentzat; hizkuntzaren erabilerari eman zaion garrantzia; moldagarria izatea, formatu, espazio eta baliabide aldetik; eta, azkenik, sormen-lana izanda, oraindik “sortu gabeko zerbait” izatea.

Agirrezabalak eta Olaizolak eman dituzte komedia horren inguruko zertzeladak. Besteak beste, aurreratu dute “ganberroa, jostaria zein probokatzailea” izango dela. KORRIKA Kulturalaren barruan, 2025eko azarotik 2026ko apirilera bitartean antzeztuko da, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan.

Emozioen garrantzia euskal kulturaren transmisioan: 23. Korrikaren kasua

Horixe da Mondragon Unibertsitako ikasle Amaia Ruiz Castellanosen Gradu Bukaerako Lanaren izenburua. Atzo aurkezpena egin zuen Kalderapeko Kulturgunean, Ane Elordi, KORRIKA arduradunarekin batera. Elordi tutore lanetan ere aritu da. 

Lan horretan emozioek hizkuntza minorizatuen aldeko mugimenduetan duten eragina ikertu da, horretarako Korrikaren 23. edizioaren kasu-azterketan zentratuta. Lasterketa herrikoian emozioek duten presentzia aztertu da, bide desberdinak jarraituz: 952 lagunek erantzundako inkesta, antolatzaile eta parte-hartzaileei eginiko elkarrizketak, lasterketak iraun zuen bitartean furgoneta barrutik eginiko behaketa eta horren inguruan sortutako lan dibulgatiboen lanketa. Horrez gain, Korrikaren bilakaera ere aztertu da hein txikiago batean. Landa-lan horren emaitzek erakusten dute emozioen presentzia ekimenaren aurretik, bitartean eta ostean ageri dela eta hori sinbolo desberdinen bitartez erakusten da lasterketan zehar.

Ondoriozta daiteke, Korrikak indar emozional handia duela eta horregatik eta bere baitan dituen sinbolo, elementu eta mekanismo tradizionalengatik dela hain arrakastatsua gaur egun.

HARRO HERRI! 

 

Ekainaren 30era arte egongo da irekita KORRIKAren online denda

KORRIKA materiala eskuratu nahi baduzu, sartu KORRIKAren dendan eta eskuratu! Azken aleak: kamisetak, sudaderak, kapelak, giltzatakoak...

Ekainaren 30ean itxiko dugu. Beraz, azkar ibili!

www.denda.korrika.eus

HARRO HERRI!

Norberaren opera, 23. Korrikarako BERRIAk ekoiztutako dokumentala

AEK-ko hainbat ikasleren testigantzan jasotzen ditu lanak, eta Ines Osinagaren bizipenek eta BADON operako irudiek josten dituzte istorio horiek guztiak.

BERRIAk karrera hasi bezperetan argitaratu zuen dokumentala.