Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44
Ibilbideari Elkar Saria irabazi du AEK-k

Ibilbideari Elkar Saria irabazi du AEK-k

Elkar Fundazioak jakinarazi berri duenez, AEK-KORRIKAk jasoko du 2024ko ibilbideari Elkar Saria.

Elkar Saria 2016tik urtero ematen den saria da, eta haren helburua da Elkar Fundazioaren iritziz euskal kulturari ekarpen aipagarria egin duena nabarmendu eta saritzea. Fundazioak dioenez “Ibilbide osoa saritzen da, ez momentu bateko ekarpena”; eta, horretaz gain, sariaren helburua bada “taldean egindako lana indartzea, norbanakoen gainetik”.

Argitaratutako ohar baten, horrela azaldu ditu Elkar Fundazioak AEKri saria emateko arrazoiak: “Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzeko” xedea erdiesteko, “AEK-k lan baldintza egokien faltari militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun zien”. Hala, “milaka lagun euskaldundu da AEK-ko euskaltegietan, eta milaka lagun hurbildu da euskarara eta euskararen aldeko ekimenera AEKren lanari esker, tartean 1980tik antolatzen duen KORRIKAren eskutik”.

Izan ere, ekimen honekin ez soilik AEK erakundea; KORRIKA ekimena ere saritu nahi izan du Elkar Fundazioak: “AEK-k milaka eta milaka lagun euskararen aldeko mezua zabaltzera bultzatzen ditu KORRIKAren eskutik, euskararentzat itxaropena sortuz eta mezu argia zabalduz gizartean: euskara denona da eta haren etorkizuna guztion eginkizuna da”. Azken edizioko mezuan Garazi Arrulak adierazi bezala, “euskarak ekosistema osoa behar du eta hori lortze aldera egiten du lan egunero AEK-k”.

Maiatzaren 23an egingo da Elkar Sariak emateko ekitaldia Adunan, Elkar Fundazioaren egoitzan, 18:00etan. Ibilbideari Sariaz gain, Joseba Jaka beka ere emango zaio Josu Goikoetxea Gezuragari.