Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44

Historia

Image

7. Korrika

  • Gasteiztik Baionara
  • 1991eko martxoaren 15etik 24ra
  • Leloa: Korrika euskara, euskaraz Euskal Herria
  • Omendua: Remigio Mendiburu Miranda
ABESTIA:
Image
Lekuko-aldaketa
 
Korrikaren 7. edizioa 1991ko martxoaren 15ean hasi zen Gasteizen, eta, 2.100 km egin ostean, martxoaren 24an amaitu zen Baionan, “Korrikak euskara, euskaraz Euskal Herria” lelopean. Omendua Remigio Mendiburu eskultorea izan zen, Korrikako lekukoaren sortzailea; edizio horretako abestiaren egileak, aldiz, Irigoien anaiak eta Mikel Erramuspe izan ziren.

7. KORRIKAren mezua

Mendez mende, urratsez urrats, garena egin eta egiten gaituen euskara izan dugu nahia eta ezina, apostu eta larrialdia.

Euskara hizkuntza minorizatua dugu aspaldidanik, gaur egun %23,3ak besterik ez du ezagutzen eta %7,7ak soilik erabiltzen du ohizko kale-harremanetan.

Euskal Herriaren %77ak ez du ezagutzen euskaldun egiten gaituen hizkuntza. Hala ere, eta inkestek diotenez, %81,2ak etorkizunean, euskara Euskal Herri osora hedatzea nahiko lukeela adierazten du eta honek esperantza ate bat zabaltzen digu.

Euskararen aldeko bide luzean indar guztia biltzea inoiz baino beharrezkoa dela argi dakusa Herri honek eta Euskal Herriko biztanleen gehiengo handi batek irmoki azaldu aspaldian bere nahia: Herriak euskara.

Euskarak egiten gaituela euskaldun, euskara bera dela Herri honen izaeraren ardatza, egunez egun, euskaraz egiten dugula Euskal Herria, horixe da, gaurko eta etorkizunerako, milaka euskaltzalek urteetan zehar zabaldu duten mezua.

Eta horixe bera da, gaur egun, Euskal Herriak, KORRIKA, ozenki aldarrikatu nahi eta behar duena: Euskaraz Euskal Herria.

Ibilbidea