Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44
«Euskararen Herri Harroaren parte sentitzeko gonbita» egin du AEK-KORRIKAk, Iruñeko aurkezpen sozialean

«Euskararen Herri Harroaren parte sentitzeko gonbita» egin du AEK-KORRIKAk, Iruñeko aurkezpen sozialean

Azarotik ari dira 23. KORRIKA aurkezten, eta antolatzaileek dagoeneko jakitera eman dituzte lasterketaren xehetasun guztiak. Gutxi falta da jada martxoaren 14rako, euskararen aldeko lasterketa erraldoia Irundik abiatzeko datarako. Ondoren, lekukoa 10 egun eta 11 gauez ibiliko da eskuz esku, euskararen aldarria Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzen, Baionara heldu arte martxoaren 24an. Gaur egin dute aurkezpen soziala, Iruñean, mugarria ospatu eta egitasmoari ongietorria emateko.

Ekitaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izan da, iluntzeko 19:00etan. Bertan izan da Ane Elordi Alburquerque KORRIKA koordinatzailea, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek lagunduta. Eurekin batera, Euskal Herri osoko 100 gonbidatutik gora bertaratu dira: euskalgintzakoak, alderdi politikoetako ordezkariak, hedabideetako langileak, sindikatuetako kideak, eragile sozialak eta hainbat lagun gehiago.

Oholtzan, Elordik azaldu du edizio honek berariaz nahi duela euskal herritar oro «euskal komunitatearen, euskararen Herri Harroaren, parte sentiarazi», «eta, aurrerantzean, bizitzako arlo guztietan, euskaraz bizi nahi duen komunitatearen partaide bilakatu; KORRIKA, euskara bera bezala, denona delako». Halaber, Elordik hau aipatu du: «Euskarak aurrera egingo badu, herriaren erabakitasunagatik izango da; KORRIKAk aukera bikaina ematen digu herri-pultsua aktibatzeko, aldarri tinko bat egiteko, pauso gehiago eman daitezen, herri-gogoari erantzutearren».

Clowna, txeloa eta dantza
Pantxika Lamur clowna jardun da aurkezle-lanetan, eta, publikoarekin elkarreraginean, komentatu du ezen «23. KORRIKA mundu berri bat balitz, herri-aldarrien mundua» izango litzatekeela. Harekin batera Ainhoa Egizabal dantzaria eta Eñaut Zubizarreta “Trigger” txelo-jolea ere aritu dira, beren arteaz KORRIKAren aniztasunari azpimarra jartzen.


Edizio honen spota ikusteko aukera ere izan dute bertan bildutakoek.

 

Egin zaitez laguntzaile

Korrika laguntzailea izatearen abantailak

  • Astero, zozketak egingo ditugu LAGUNTZAILEEN artean... 300 sari baino gehiago...

  • Oro har, KORRIKAren ekimenetan lehentasuna edo deskontuak izango dituzu.

  • Deskontuak ere AEK-ko ikastaroetan. AIZU! Aldizkariko harpidetzan...

  • Eta, aldiro-aldiro, gure berri jasoko duzu KORRIKA laguntzaileentzako buletinaren bidez.

...eta garrantzitsuena, KORRIKAren parte zara, zure laguntzarekin egingo dugulako aurrera.

Egin zaitez laguntzaile

Eskerrik asko!