Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44

Korrikatik Euskaraldira, herritarren bultzada euskararen aldeko politikei

 

Euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderka daitezen, aktibatuta segitzeko dei egin dute Euskalgintzako eragileek.

Euskalgintzako eragile nagusien ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean Baionan. Eguna eta lekua ez dira ausazkoak: KORRIKA bukatu zen toki berean egin dute, 2025eko Euskaraldia hasteko zehazki urtebete falta dela probestuz. Horrela, euskararen aldeko bi ekimen jendetsuenak aldarrikapenez lotu dituzte, hizkuntza-politiketan eta euskararen erabileran jauzi egiteko, bultzada herritar indartsua behar dugula erreibindikatuz.

Agerraldian izan dira euskararen aldeko 30 gizarte erakundetik gora batzen dituen Euskalgintzaren Kontseilua eta euskalgintzako eragile garrantzitsuenen ordezkariak, besteak beste, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Konfederazioa, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Berria, Elhuyar, Udako Euskal Unibertsitatea, Euskal Herrian Euskaraz, Maizpide Euskaltegia, Hezten Aisialdi Euskaltzalea, Karmel Aldizkaria, Konkolotx, Biga Bai, Mintzalasai eta Eusko Ikaskuntza.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi AEK-KORRIKAko koordinatzaileak eta Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak adierazpen bateratu bat irakurri dute, eta besteak beste, honako mezuak zabaldu dituzte:

Idurre Eskisabel: “Herritarren bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu, baina ez da aski. Euskararen normalizazioan aurrera egingo badugu ezinbestekoa da hizkuntza politiketan jauzi bat egin eta euskararen aldeko politika publiko sendoagoak indarrean jartzea”.

Ane Elordi: “Euskal hiztun izan edo ez izan, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea. Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu”.

Irati Iciar: “Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeko, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira”.

 

ADIERAZPEN BATERATUA

Orain hilabete pasa, primadera hastearekin batera, milaka lagun bildu ginen hemen bertan, Baionako karriketan, Korrikaren azken urratsekin batera adierazteko euskararekin bat egiten dugula, euskaraz bat garela. Aurreko hamar egunetan beste hamarnaka mila lagunek kurritu zuten Euskal Herri osoa, asmo eta borondate berberez. Milaka lagun horien artean baziren euskaldun eta euskaltzaleak, baziren euskararen jabe ez izan arren hizkuntz berdintasunean sinesten dutenak… Herri harro bat ez ezik, gizarte adostasun zabal bat gorpuztu zen, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde. Beste era batera esanda: euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntz eskubideetan sakontzea denez, justizia soziala, gizarte kohesioa eta bizikidetza indartzearen alde.

Datorren urteko udaberrian, milaka herritarrek berriro ere adieraziko dute konpromiso bera: Euskaraldiarekin bat eginez euskaraz bizitzearen bizigarritasunean urrats bat emateaz gain, ale bat jarriko dute, erabileran indar eginez, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde.

Dudarik gabe, herritarren borondatea eta bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu. Baina ez da aski. Euskara hizkuntza minorizatua da, eta, horrenbestez, hiztun komunitate minorizatua gara euskaldunok. Pentsa, gauden hiri honetan bertan, Lapurdi osoan, Baxenafarroa, Zuberoa eta Nafarroa Garaiko eremu handienean bezala, euskarak ez dauka ofizialtasun estatusik, nor izateko gutxieneko zorurik.

Eta, jakina da, gaur egun, gurea bezalako testuinguruetan, politika publiko sendoak direla minorizazio egoerak zuzentzeko ezinbesteko bitartekoa. Hau da, euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egingo bada ezinbestekoa dela hizkuntz politika sendoak indarrean jartzea. «Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa», esan zuen Garazi Arrulak hementxe, Korrikaren azken mezuan. Eta segitu: «Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza-politikak (…) Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara».

Esku artean dauzkagun erronkak alimalekoak dira. Oldarraldiaren agerpen hango eta hemengoak, batetik. Munduaren martxa azeleratuak hizkuntza minorizatuei zamatutako zailtasun berriak, bestetik. Ipar Euskal Herrian, adibidez, larrialdi linguistikoaren alarma joa dute jada, eta oroitarazi UNESCOk hizkuntzen erreprodukziorako ezarritako hiztun proportziotik behera direla. Hori zuzendu eta bideratzea da hizkuntz politiketan eman beharreko jauziaren oinarrietako bat.

Euskalgintza askotariko eta zabalak badu adostasunik honen inguruan: euskararen aldeko hizkuntz politikan jauzi bat behar dela erronka horiei erantzungo bazaie; politika publiko sendoagoak behar direla euskararen normalizazioan aurrera egingo bada. Korrika eta Euskaraldia lekuko, herritarren arnasa ere noranzko horretan dator. Baina arestian esan bezala, hori ez da aski. Arrulak hementxe aldarrikatu bezala, «hizkuntzaren auzia politikoa da, eta urgentziazkoa» Beraz, hemendik dei bat agintariei eta hizkuntz politiketan eragin indarra duten eragile politiko guztiei: aintzat har dezatela herritarren bultzada, eta eman ditzatela urrats sendoak euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde, eta, horrenbestez, hizkuntz berdintasunaren, justizia sozialaren, gizarte kohesioaren eta bizikidetzaren alde.

Olatu berri bat

Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara, euskara erdigunera ekartzeaz. 23. KORRIKAn, Euskal Herri harroa ikusi dugu; oztopo eta traba guztien gainetik euskararekin dugun konpromisoa aldarrikatu dugu. Harro adierazi dugu euskaraz bizi nahi dugula, bagarela nor eta euskarak ematen digula identitate hori, euskal komunitatearen parte egiten gaituela. Euskal hiztun izan ala ez, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea.

Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu. Eta, aipatu bezala, premiazkoa da euskararen aldeko hizkuntza-politiketan jauzi egitea, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde.

Euskal Herri harroaren aldarriari jarraiki, norabide horretan arraunean jarraituko dugu. Euskararen normalizazioa xede, esparru guztietan lan egiten jarraituko dugu, alegia, ezagutzan, erabileran eta sustapenean. Hizkuntza-politiketan eragiten segituko dugu, erakundeen erantzukizuna delako euskaraz bizitzeko hizkuntza-politikak ezartzea eta bermatzea. Jakina, euskalgintzaren adostasun zabalaren adierazle, elkarlanean jarraituko dugu bidea urratzen. Eta horren guztiaren isla dira KORRIKA eta Euskaraldia bezalako ekimenak. Xedetzat dugu euskararen erabileran eta sustapenean eragitea, eta garenaz eta egiten dugunaz harro gaudelako, elkarrekin eta elkarlanean jarraituko dugu euskarak lotzen gaituen Euskal Herri harroa eraikitzen.

Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeaz ari gara. Eta horretarako, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira.

Euskararen erabilera erdigunean jarri eta urratsak egiteko tresna eraginkorra da Euskaraldia. Urtebete falta da laugarren edizioa hasteko, 2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da, eta Euskaraldiak harro hartu du Korrikaren lekukoa; ehunka lagun buru eta bihotz ari dira lanean Euskaraldia bazter guztiak bustiko dituen olatua izan dadin. Edizio are eraginkorragoa izan dadin nahi dugu, jendeak euskaraz hitz egiteko leku eroso gehiago izan ditzan, kalean euskara gehiago entzun dadin, eta estres linguistikoa ahaztu dezagun 11 egunetan. Euskara biziberrituko bada, erabiliko dugulako izango da. Hiztun komunitateak euskararen alde egin dezakeen ekintzarik erradikalena euskaraz aritzea da; inertzien eta erresistentzien aurrean, korrontearen kontra, euskaraz aritzea. Euskararen aldeko politikei bultzada sendoena, inoren zain egon gabe, ahal bezainbeste euskaraz bizitzea da. Euskaraldian, milaka ahobizi eta belarriprestek gure hizkuntza ohiturak aldatuko ditugu, nork bere inertziak apurtuz, eta konfort eremuetatik mugituz.

Euskarak mugimendua behar du. Norbera dagoen tokitik mugituz, ingurukoak mugitzeko gai gara; eta elkarrekin mugituz, dena mugiarazteko gai. Euskarak mugimendu indartsu bat behar du, herriz herri eta auzoz auzo saretuko dena, eta Euskal Herri osoa artikulatuko duena. Euskarak nazio mailako ekimen masiboak behar ditu, denok batzen eta mugitzen gaituzten olatuak behar ditu, baita itsas korrontea sortuko duten aktibistak ere. Korrontea gizarte osoaren alde, denon alde jarri nahi dugu. Izan ere, aurrez esan bezala, euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egitea hizkuntz berdintasunean, justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzea da. Honenbestez, segi dezagun aktibatuta, euskarari eta hizkuntza-politikei behar duten bultzada emateko.

Baionan, 2024ko maiatzaren 15ean

 

Hizkuntza gutxiagotuen erronka: itzulpenak prest!

23. KORRIKAk hizkuntza-komunitatea eta herri-harrotasuna ekarri nahi ditu lehen lerrora. Hizkuntza gutxituek gero eta erronka handiagoa dute hiztunak zein hitz egiteko espazioak eskuratzeko edo orain artekoei eusteko; horregatik, ezinbestekoa da komunitatearen pertenentzia —identitatea— hizkuntzarekin izaniko gozamenezko bizi-esperientziei lotzea.

Horixe baita Korrika: euskal komunitatearen emozio-leherketa, herri-aldarri alai eta tinkoa; batzuentzat ahalduntze-bidea, askorentzat euskarara hurbiltzeko era. Hizkuntza gutxituek ere prestigioa badutelako, HARRO HERRI.

 

HEMEN KORRIKAren mezua hainbat hizkuntzatan.

EGITEN DUGUNA ETA GARENAZ, HARRO! HERRI HARROA GARA!

 

Mara-Ekin Elektrizitatea operadoreak ekarpena egin dio KORRIKAri; eta zuk?

Mara-Ekin Elektrizitatea Zumaiako Internet/telefonia operadorea da, eta 0 Km-ko zuntza eskaintzen du beste hainbat zerbitzuren artean.

“Lagundu Kultura/kirola” kanpaina abiatu zuten duela hilabete batzuk; horri esker, zuntz alta berri bakoitzeko, 20 euro gordetzen dituzte KORRIKArako, ekarpen gisa.

Keinu handia, herri txiki honen harrotasuna erakusten duena. Mila esker, lagunok!

 

Zeuk ere, enpresa, erakunde, talde... edo norbanako, KORRIKAren aldeko ekarpena egin nahi baduzu, aukera hauek dituzu:

Transferentzia: ES70 3035 0072 02 0720037810

  • VISA txartelaz gure webgunean: ekarpenak (lotura txertatu)

  • BIZUM bidez: "korrika", "aek", edo "2043" bilatu

Ahalegina egin behar da euskaraz bizitzeko, herriaren gogotik abiatuta. Gu saiatzen ari gara horretarako premiazko babesa biltzen; hori dela-eta, ekarpen ekonomiko eske gatozkizue berriro ere, zeuek ere bat egiten duzuelakoan hizkuntza bultzatzeko helburuarekin.

HARRO HERRI!

Garazi Arrula Ruizen mezua aragoieraz

23.KORRIKAren mezua itzuli dute aragoieraren aldeko Bomboloniar taldeko lagunek. Hizkuntza gutxiagotuen arteko elkartasunak horrelako oparitxoak ekartzen dizkigu. Hemen irakurgai. 

Tos prexinaz una KORRIKA, una cursa por e ta l’aragonés?

HARRO HERRI!

Ibilbideari Elkar Saria irabazi du AEK-k

Elkar Fundazioak jakinarazi berri duenez, AEK-KORRIKAk jasoko du 2024ko ibilbideari Elkar Saria.

Elkar Saria 2016tik urtero ematen den saria da, eta haren helburua da Elkar Fundazioaren iritziz euskal kulturari ekarpen aipagarria egin duena nabarmendu eta saritzea. Fundazioak dioenez “Ibilbide osoa saritzen da, ez momentu bateko ekarpena”; eta, horretaz gain, sariaren helburua bada “taldean egindako lana indartzea, norbanakoen gainetik”.

Argitaratutako ohar baten, horrela azaldu ditu Elkar Fundazioak AEKri saria emateko arrazoiak: “Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzeko” xedea erdiesteko, “AEK-k lan baldintza egokien faltari militantziaz, ilusioz eta ahalik eta profesionaltasun handienarekin erantzun zien”. Hala, “milaka lagun euskaldundu da AEK-ko euskaltegietan, eta milaka lagun hurbildu da euskarara eta euskararen aldeko ekimenera AEKren lanari esker, tartean 1980tik antolatzen duen KORRIKAren eskutik”.

Izan ere, ekimen honekin ez soilik AEK erakundea; KORRIKA ekimena ere saritu nahi izan du Elkar Fundazioak: “AEK-k milaka eta milaka lagun euskararen aldeko mezua zabaltzera bultzatzen ditu KORRIKAren eskutik, euskararentzat itxaropena sortuz eta mezu argia zabalduz gizartean: euskara denona da eta haren etorkizuna guztion eginkizuna da”. Azken edizioko mezuan Garazi Arrulak adierazi bezala, “euskarak ekosistema osoa behar du eta hori lortze aldera egiten du lan egunero AEK-k”.

Maiatzaren 23an egingo da Elkar Sariak emateko ekitaldia Adunan, Elkar Fundazioaren egoitzan, 18:00etan. Ibilbideari Sariaz gain, Joseba Jaka beka ere emango zaio Josu Goikoetxea Gezuragari.