Trixerta Korrika44 Trixerta Korrika44
KORRIKAk lehendabiziko aldiz neurtu du nolako inpaktua sortzen duen ingurugiroan

KORRIKAk lehendabiziko aldiz neurtu du nolako inpaktua sortzen duen ingurugiroan

Lander Crespo klima-adituak gaia aztertu du, ISO 14067 arauari jarraituta eta bizi-ziklo osoa kontuan hartuta. Haren arabera, garraioa izan zen, azken Korrikan, isurketa gehienen jatorria: % 69, hain zuzen. Hala, garraioaren isuri handienak amaiera-egunean gertatu ziren: % 74, batik bat egun horretako desplazamenduek sortua. Ikerketaren helburu nagusia izan da emisioak murrizteko moduak topatzea hurrengo edizioetarako.



KORRIKA, euskararen aldeko ekimenik handiena, 1980tik ospatzen da Euskal Herrian. Aurten 23. edizioa egin da, eta, lehen aldiz, kalkulatu nahi izan dugu nolako karbono-aztarna sortzen duen gure ekintza jendetsuak, besteak beste haren ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira, isuriak murrizteko aukerak aztertzeko.

Lander Crespo kliman adituak atzo Kalderapeko tabernan aurkeztu zuen bere master-amaierako lana; horren arabera, amaiera-ekitaldiak sortu zuen isurketa gehien 23. KORRIKAn, orduan bildu zelako jende-kopururik handiena. Izan ere, 2024ko KORRIKAren karbono-aztarnari buruzko azterketak ondorioztatu du inpaktu negatiboena parte-hartzaileen garraioak eragin zuela, bereziki amaierako ekitaldirako joan-etorriek. Ikerlaneko datuek diote emisioen % 69 inguru erregai fosilen bidezko ibilgailuek eragin zutela, eta, horietatik, amaierako ekitaldia ikustera joan ziren partaideen garraioak bota zuela isurien % 74.

Labur esanda, amaierako ekitaldiak isuri guztien % 55 ekarri zuen, garraioak sortu zuelarik kopuru horren % 92.

 

Ibilgailu pribatuak eta autobusak

Garraio-mota horiek erabili zituen nagusiki jendeak KORRIKAren amaiera ikustera bidaiatzeko: batez ere, ibilgailu pribatuak eta autobusak; eta beraiek izan ziren orduko karbono-isurien arrazoi nagusia. Bidaia luzeak eta milaka parte-hartzaile bildu zirenez, amaierako ospakizunak, garraioa zela-eta, eragin handia utzi zuen ingurumenean, KORRIKAren gainontzeko ekitaldiek baino askoz nabarmenagoa.

Hau da, amaierako ekitaldira bertaratzeko mugikortasunak izan zuen inpakturik handiena KORRIKAren karbono-aztarnan. Bestalde, salmentarako produktuek ere —arropa, esaterako— isurien % 19 sortu zuten; beraz, isurketen zati handi baten erantzule izan ziren. Aipagarria da, dena den, beste faktore batzuk ikerketatik kanpo geratu direla: elektrizitatea, azpiegituren muntaketa, ur-kontsumoa, KORRIKA Kulturalen barruko ekitaldiak, web-orriaren zein mugikorretarako aplikazioaren kudeaketa, eta publizitatearen, bideoen eta abestien prestaketa.

Hemendik aurrera isuriak murrizteko, lanak proposatzen du garraioaren erabilera optimizatzea eta salmenta-produktuen ingurumen-inpaktua txikitzea. Halaber, prozesuak eta datu-bilketa hobetzea ere gomendatzen du etorkizuneko kalkuluetarako.

Laburbilduz, KORRIKAk eta antzeko ekitaldi handiek ingurumen-inpaktu nabaria izaten dute, ezin ukatu; hortaz, kalkulu berri horiek, bistan da, lagungarriak izango dira ekintza jasangarriak identifikatzeko eta emisioak gutxitzeko. Izan ere, KORRIKA hainbat balioren inguruan sortu eta garatu da; horien artean daude, nola ez, ingurugiroaren babesa defendatzea eta haren kontrako jarduerak gutxitzen saiatzea.

Crespok, bide batez, antzeko ekitaldien karbono-arrastoak alderatu ditu. Haren hitzetan, KORRIKAk besteek baino askoz ere partaide gehiago izanik ere —milioi bat inguru—, New Yorkeko, Madrilgo eta Sevillako maratoiekin konparatuta —59.000, 34.000 eta 12.500 parte-hartzaile, hurrenez hurren—, beheko postuetan agertzen da kutsatze-mailan.

Atzoko agerraldian Ane Elordi Korrika arduradun nagusiak aipatu legez, KORRIKAtik ondoko mezu hau eman nahi dugu aditzera: “Izan daitezela euskararen oihartzuna, hanka nekatuak eta oroitzapen gozoak KORRIKAren aztarna bakarra!”. Cresporena kontuan hartuta, jada hiru azterketa egin dira KORRIKAren tutoretzapean; guztiak daude ikusgai (eta eskuragai) gure webgunean: 

https://www.korrika.eus/eu/korrika/ikerketak